Sortzen diran hondakinen araberako tasak jartzeko konponbideak

Teknologia barriei esker, zabor-bilketarako konponbide barriak erabili ahal dira eta saritu egin daitekez pertsonek, komertzioek eta industriak hondakin gitxiago sortzen edo zuzen bananduten  egiten dabezan ahaleginak. Waste4Think proiektuaren bidez aztertuko dira Zamudion zabor-bilketarako bide barri horreek egokiak diran.

Waste4Think europar proiektuko lan-taldeen laguntza eta ekarpenei esker, Zamudiok datozen hilabeteetan konponbide teknologiko desbardinak aztertuko dauz; esaterako, ‘sortutako hondakinen araberako ordainketa’ (Pay As You Throw, hau da, PAYT,  ingeleseko siglak erabilita). Konponbide horreek zabor-bilketako tasak zatitu egiten dabez: zati bat oinarri finkoa izaten da, eta beste zatia aldakorra, hondakinak gitxitu eta zuzen bananduteko ahaleginak saritzeko.

Hirietako baliabideen zati handi bat hiri-hondakinak tratatzen erabiltzen da. Horregaitik, Europako gero eta udalerri gehiagotan neurriak hartzen hasita dagoz, herritarrak gehiago inplika daitezen prebentzioan eta gaikako zabor-bilketan, baina hori ez eze, ordaindu beharreko diru-kopuruak be desbardintzen hasi dira, pertsona edo etxe bakotxak zerbitzua benetan zelan erabiltzen dauan kontuan izanda. Pertsona bakotxak sortzen dauanaren arabera ordaintzen dau eta, zenbat eta gehiago banandu eta zenbat eta gitxiago bota kolore griseko zaborrontzira, orduan eta gitxiago ordainduko dau.

‘Sortutako hondakinen araberako ordainketa’ esaten jako konponbide horreri (PAYT, ingeleseko siglak erabilita). Herritarrak inplikatzeko eraginkorrak diralako, konponbide horreek aztertuko dira lan-taldeetan, Europako beste hiru hirigaz batera Zamudio herriak parte hartzen dauan   Waste4Think europar proiektuan.

Berlin, Brusela, Munich, Viena eta Dublin hiriak dira, esaterako, holango konponbideak hartu dabezan batzuk.

Konponbide horreek martxan ipintzeko modu desbardinak dagoz, udalerri bakotxean erabiltzen dan zabor-bilketa ereduaren arabera. Zabor-bilketa atez ate egiten ez dan udalerrietan, ohikoak dira erabiltzailea txartel magnetiko bidez ezagutzen daben sistemak, eta txartel hori da zaborrontzia zabaltzeko giltza. Ordaintzeko modua pisuaren arabera izan daiteke, zaborrontziak pisatze-sistema eduki ezkero, edo bolumenaren arabera bestela, zaborrontziak erabilera bakotxerako kapazitate zehatza dauken konpartimenduak eduki ezkero (‘chamber system’).

Waste4Think proiektuaren helburua izan be, gaikako zabor-bilketan eta hondakinak gitxitzeko ahaleginetara herritarrak erakartzea da, eta horretarako teknologiak erabiltzea. Horregaitik, ‘Sortutako hondakinen araberako ordainketa’ da lan-taldeetan eztabaidatuko dan gaietako bat; konponbide hori egokia dan eta Zamudiora ekartzeko modurik onena zein dan aztertuko da bertan.

Related news:

Zamudio
Cascais
Seveso
Halandri


This project has received funding from the European Union’s Horizon 2020 research and innovation programme under grant agreement 688995.
The dissemination of results herein reflects only the author’s view and the European Commission is not responsible for any use that may be made of the information it contains.