Taperrak, berdintasun ezari frente egiteko eta elikagaiak alferrik ez galtzeko

Martxoaren 1etik aurrera Zamudion izango da Gobernuz Kanpoko Aunar Elkartearen ‘elkartasun-taperra’. Bertako eta inguruetako sukalde kolektibo eta profesionaletan soberan geratzen diren elikagaiak batu egingo dira, eta gero dozena bat familia artean banatuko da herrian.

Urtero, 88 milioi tona elikagai alferrik galtzen da Europar Batasunean. Pertsonako eta urteko, 173 kilo elikagai galtzen da, beraz, Europar Batzordeak eginiko azterlan baten arabera. Gai horri buruzko Europar Legebiltzarraren ebazpenak dioenez,  elikagaiak ekoiztean eta desegitean 170 milioi tona CO2 isurtzen da Europar Batasunean, eta alperrik galtzen diren elikagai horien kostua 143.000 milioi eurotakoa da.

Katearen begi guztietan gertatzen da galera, hasierako ekoizpenekotik eta kontsumitzaileen mahairaino. Europar Legebiltzarrak «premiazko» jo du jateko-hondakinak gutxitu beharra  «elikagaien katearen begi guztietan», hau da, ekoizpenean, transformazioan, garraioan, biltegiratzean, salmenta txikian, marketinean eta kontsumoan.

Erakundez Kanpoko Aunar Elkartea lanean ari da, hain zuzen, soberan geratzen diren elikagaiak eskuratzen, gizartean beharrizanik handiena duten pertsonei emateko, elikadura osasungarria eta duina izan dezaten; hori da Elikagaien dohaintzari buruzko komunikazioan Europar Batzordeak defendatu duen asmoa. Martxoaren 1etik aurrera elkarte horren ekimena Zamudion izango da, elikagaien banaketa solidarioak egiten.

Astero banatuko da jatekoa, izoztuta eta botatzekoak diren ontzietan sartuta; ontziak izozteko modukoak eta mikrouhin-labean erabiltzeko modukoak dira. Udalak 5.809 euro ipiniko du ekimen honen alde (1,46 euro taper eta egun bakoitzeko, eta euro bat asteko, postrea ere banatu ahal izateko), eta banaketa egiteko beharrezkoa den lokala ere utziko du. Gizarte-Ongizateko Zerbitzuek Zamudion aukeratzen duen dozena bat familiari emango zaio.

Ekimen honetan Zamudion dagoen Vizcaya ikastetxeak ere parte hartuko du; soberan geratzen zaizkion elikagaiak doan emango ditu elikagaien beharra duten herritarren artean banatzeko, udalerrian dagoen berdintasun eza gutxitu egin dadin. Zamudioko eskolako jantokiko zerbitzua ematen duen enpresak ere parte hartuko du; Gasca da enpresa hori, eta orain dela hiru urte baino gehiago hasi Aunar elkarteari laguntzen (eta beste elkarte batzuei ere); harrezkero, aldiro banatzen ditu enpresaren sukalde nagusian prestaturiko janariak, beharrezko osasun-neurriak bete eta gero.

Sare-lanean antolatzen den ekimen hau, gizarteari laguntzeko izateaz gain, Waste4Think europar proiektuaren helburuekin ere bat dator. Zamudio, gainera, proiektu horretan parte hartzen ari da, udalerrian sortutako hondakinak hobeto kudeatu daitezen. Ekimen honi esker, sukaldaritza profesionalaren sektorean soberan geratzen diren elikagaiak, hondakin bihurtu beharrean, balio handiko baliabide bihurtuko dira pertsona batzuentzat.

Elikagaiei, bestalde, osasun-kontrol zorrotzak egingo zaizkie. Jatekoa izoztuta egongo da ontzietan; berme guztiak beteko dituzte, eta poltsa isotermikoetan sartuta emango zaizkie hartzaileei. Astebeterako behar den beste elikagai sartuko da poltsa horietan. Ekimenaren hasieran banatuko dira poltsak, eta hartzaileek ekarri egin beharko dituzte janari bila datozen bakoitzean, hotsaren katean etenik gertatuko ez dela bermatzeko.

‘Elkartasun-taperra’ren proiektu honek, elikagaiak alferrik galdu ez daitezen gizartea sentiberatzeaz gain, badauka «diskurtso praktiko» bat ere «gizartearen eta ingurumenaren ikuspegi»tik. Gero eta gehiago dira Bizkaian, Zamudiok egin duenez, udalerri-sare honekin bat egiten duten herriak eta, eskaintzen dituzten zerbitzuen artean, proiektu hau sartu dutenak, gizartearekiko eta ingurumenarekiko erantzukizuna sustatzearen alde egiteko. Balmaseda, Zalla, Barakaldo, Sestao, Portugalete, Erandio, Leioa eta, oraintsuago, Derio eta Zamudio udalerriek ekimen honen alde egin dute, eta laster barru Santurtzi ere kide izango da.

 

Related news:

Zamudio
Cascais
Seveso
Halandri


This project has received funding from the European Union’s Horizon 2020 research and innovation programme under grant agreement 688995.
The dissemination of results herein reflects only the author’s view and the European Commission is not responsible for any use that may be made of the information it contains.