%65 birziklatzea da erronka

Bizkaiko Foru Aldundiaren ‘Gero Arte. Birziklatu eta atzera itzularazi’ kanpaina, irailaren 2an heldu zen Zamudiora. Birziklatzearen inguruko informazioa eta Europa mailan 2030era arte lortu gura diren helburuen berri eman zen karpapean. Ekimenean parte hartu zuten herritarrek, kanpainarekin batera etorri zen ‘Foodtruck’-ean, baleen truke pintxoak eskuratzeko aukera ere izan zuten.

2016an Bizkaian, 605.000 tona hondakin batu ziren; horietatik 247.000 tona, gaikako bilketaren bidez egin ziren. Horri esker, %43,78ko birziklatze-tasara heldu zen; horrek esan gura du masa diren hondakinen (birziklatzen ez direnak) bilketa %3,25 gutxitu dela. Badago zer eginik, hala ere; batez ere, Europari begiratuz gero. Europar Batasunak, ekonomia zirkularraren helburuen artean, jaso baitu %65eko biriziklatze-tasara heltzea 2030 urterako. Tasa hori lortzeko egin beharrekoa azaldu zen Zamudion irailaren 2an, 11:00etatik 15:00etara bitartean, karpapean eginiko jarduera eta jolasen bidez.

‘Gero Arte. Birziklatu eta atzera itzularazi’ kanpainaren baitan egin zen ekitaldi hori. Bizkaiko Foru Aldundiko Iraunkortasuna eta Ingurune Naturala zaintzeko Sailak uda honetan martxan jarria da Bizkaiko hondartza eta herrietan, Txorierrin besteak beste, Derio, Sondika eta Zamudioraino heldu baitzen.

Tailerretan, adin desberdinetarako moduko puzzleak eta jolas desberdinak erabiliz, arduradunek formazioa eta informazioa eman zituzten karpapean, birziklatzeari buruz eta hondakinak zuzen banantzeko moduari buruz. Opariak banatu ziren parte-hartzaileen artean; kantinplorak eta arbelak, esaterako, eta baleak era banatu ziren, euron truke pintxoak eskuratzeko, doan, ekimena garraiatzeko ekarri zen Foodtruck kamioian.

Aldundia herritarrak kontzientziatzen ari da hondakin gutxiago sortu beharraz eta sortzen diren hondakinak gero eta gehiago berrerabili edo birziklatu beharraz, ekimen horren bidez besteak beste. Zamudiok berak ere, eta Mankomunitateak ere, bat egin dute helburu horiekin, datozen hiru urteetarako Waste4Think europar proiektuan lanean ari baitira. Proiektu horri esker, Europako lau hiritan, estrategiak probatzen ari dira, teknologien aukerak baliatuz hondakinen kudeaketa optimizatzeko eta herritarren parte-hartzea hobetzeko.

Unai Rementeria Bizkaiko Ahaldun Nagusiak, ‘Gero Arte’ kanpaina aurkeztu zuen egunean, ildo beretik azpimarratu zuen hondakin gutxiago sortzeko eta sortutako hondakinak baliabide bihurtzeko birziklatzeak duen garrantzia gizarteratu behar dela. Hori da Europak aukeratu duen ‘Ekonomia zirkularra’ ereduaren baitan dagoen ideia nagusia. Eredu horrek, Rementeriaren esanetan, «lehiakortasuna bultzatuko du, hazkunde ekonomiko jasangarria sustatuko du eta lanpostu berriak sortzen lagunduko du». «Herrietan» adierazi zuen «birziklatzeak udalen eta mankomunitateen gastua gutxitzea dakar»ela eta aurreratutako diru hori «beste zerbitzu publiko batzuetan». erabil daitekeela. «Birziklatzea apustu inteligentea eta beharrezkoa da; ezinbestekoa, lurralde moderno eta arduratsua izan gura badugu behintzat», nabarmendu zuen Rementeriak.