Herriko jaialdi eta bazkari guztietan ekologia gogoan

Zamudiok ospakizunen osteko hondakin-kopuruak ahalik eta gehien gutxitzearen alde egingo du, erabiltzen dituen ontzi guztiak berriro erabiltzeko modukoak izan daitezen eta, besterik ezean, konpostagarriak izan daitezen.

‘Zero Waste’ udalerria lortzeko urrats bat gehiago egiteko, Zamudioko Udalak, Waste4Think proiektuaren baitan, ekologia gogoan izatearen alde egingo du herriko bazkari eta jaialdi guztietan, eta lan egingo du sortzen den hondakin-kopurua ahalik eta gehien gutxitzeko eta mahaigaineko ontziak berriro erabiltzeko modukoak izan daitezen edo, besterik ezean, konpostagarriak izan daitezen.

Lagatzu Alkartearen herriko bazkarian iaz egin zen esperientzia pilotu arrakastatsuan, sortutako hondakinen %90,98a konpostaren bidez berrerabiltzea lortu zen; Pazko Jaietan ere harrera ona izan du ekimenak. Hori dela eta, Udalak udalerrian egiten diren ospakizun guztietara zabalduko du ekimen hori.

Helburua izango da ospakizun guztiak “eko-ospakizun” bihurtzea; hondakinik sortu ez dadin kontu handia izateko bertan. Ahalegin berezia egingo da ontzi-hondakinik ez elikagaien soberakinik sor ez dadin, eta hondakin-soberakinak parte-hartzaileen edo beharrizana duten pertsonen artean bana daitezen. Gainera, saihestu ezin diren hondakinen bilketa selektiboa egiten lagunduko da, batez ere konpostaren bidez berriro erabili ahal diren hondakinak badira.

Horretarako, Zamudion ospatzen diren jaietan lozazko ontzien eta kristalezko edalontzien erabilera sustatuko da batetik, hondakinik sor ez dadin, eta bestetik, iturriko uraren erabilera sustatuko da, botila txikietako ura erosi beharrik ez izateko eta ontzi-hondakinik ez sortzeko.

Berrerabiltzeko moduko ontzirik erabili ezin denean, ontzi konpostagarriak erabiltzea sustatuko da, eta Udalak berak banatuko ditu ontzi konpostagarriak txosnetan eta ospakizunen antolatzaileen artean. Elkarrekin egingo den lan hau, udalerrian hondakinak gutxitzeko ez eze, ingurumenaren aldeko gizarte-eraldaketa Zamudiotik haratago bultzatzeko ere balioko du.