Sortutakoaren araberako Ordainketa kalkulatzeko modua eztabaidagai

Waste4Think proiektuan parte hartzeko hirugarren tailerra egin da urtarrilaren 18an Zamudioko Eskolan, Sortutakoaren araberako Ordainketa sistema (PAYT) diseinatzeko.

2016an hondakinak batzeko lanek eta hondakinon garraioak 339.520,98 euroko kostua izan zuten Zamudion; aldi berean, hondakinon tratamenduaren kostua 220.000 eurokoa izan zen. Lehenengo diru-partida hori finkoa da berez, baina tratamenduarena, ostera, gutxitu egin daiteke, hondakinak zuzen bananduz gero; izan ere, hondakin-mota desberdinek kostu desberdina baitute (errefus-hondakin tona baten tratamenduak 92,36 euroko kostua dauka; hondakin organikoen kopuru berak, ostera, 52,48 eurokoa dauka, edo paperaren, beiraren eta ontzien kostua hutsa da, eta olioarena, hutsaren hurrengoa).

Horregatik udal-tasak beste modu batera diseinatzeko aukera eman da Waste4Think proiektu barruan,  hondakinak zuzen bananduz gero aurreztutakoa zuzen jokatzen duten herritarrentzat izan dadin, hain zuzen ere. Diseinu hori izan da urtarrilaren 18ko mintzagaia, Waste4Think europar proiektuaren baitan, herritarrek parte hartzeko antolatu den hirugarren tailerrean.

Tasak kalkulatzeko modu horri Sortutakoaren araberako Ordainketa (PAYT, ingelesezko siglak erabilita) esaten zaio. Sistema horrek saritu egiten ditu hondakin gutxien sortzen duten eta gehien birziklatzen duten herritarrak. Zamudion, errefus-zatikia edukiontzietara botatzen den hondakin-kopurua gutxitzea du helburu, batetik, eta bestetik, sustatzea gainerako edukiontzien erabilera, batez ere organikoarena. Horretarako, monitorizatu egingo dira edukiontzi-mota desberdinen irekialdiak.

Zabor-bilketari buruzko tasa orokorrean edukiontzi bakoitzerako ezarri beharreko irekialdi-kopurua eta irekialdi gehigarrien kostua aztertu ditu zehatz-mehatz lan-taldeak. Tasak gutxitzeko zenbait edukiontzi (hondakin organikoena, esaterako), zelan erabili behar diren ere aztertu da.

Kalkuluak egiteko landu diren ereduen arabera, hondakinak zuzen banantzen duten herritarrek %40ra arte gutxitu ahal izango dute euren zabor-bilketaren tasa, eta hondakin-kopuru handiak eta zuzen banandu barik sortzen dituztenek, ostera, gaur egun duten tasaren prezioaren halako bi edo gehiago ordaindu ahal izango dute.

Arteko tailerrean, urriaren 25ekoan, antzemandako beharrizanak ere landu dira oraingo saioan, herritarrek birziklatzeari buruz izan ditzaketen zalantzak argitzeko heziketa eta informazioa eskaini beharra dagoela adierazi baitzen bertan.