XXI. menderako moduko hondakinen kudeaketa

Bizkaiak, egungo eskakizunak betetzean nota ona eskuratu eta gero, 2030eko europar helburuak betetzeko daukan erronka da beira eta paper-kartoiaren birziklatzea eta tresna elektriko eta elektronikoen gaikako bilketa hobetzea.

Aldundiak Bizkaiko Uri Hondakinak Kudeatzeko II. Plan integrala 2005-2016  (BUHKPI) berrikusi du. Lurraldean jarritako helburuen betetze-maila handia nabarmendu da bertan, baina hobetu beharreko eremuak ere azpimarratu dira.

%59 da lurraldean birziklatu den beira-zatia, Estatuko araudiak ezarritakoa baino puntu bat gutxiago. Birziklatutako paper- eta kartoi-zatiak, ostera, %54ko tasara heldu dira, eta %60 izan beharko litzateke. Bizkaia, gainera, tresna elektriko eta elektronikoen gaikako bilketarako Estatuko araudiak ezarri duen helburutik apur bat urrun dago: 2016an, 3,36 kg. batu zen, biztanleko eta urteko; 4,6ko helburutik urrun, beraz.

Beste erronka bat da aurretik tratatu gabeko hondakinak desagertzearen alde lan egiten jarraitzea, “zero” isuri gordin sortzearen alde, alegia. Zabortegia gero eta gutxiago erabili izan da; 2014an, sortutako hondakinen %53,8 eraman zen bertara, eta azkeneko urtean hondakinen %19,1 eraman da, baina kopuru hori “zero” helburutik urrun dago oraindik.

Helburu hori lortzeko, hain zuzen, parte hartzen ari da Zamudio Waste4Think europar proiektuan, hau da, hondakin-kopurua gutxitu eta berrerabilera- eta birziklatze-tasak handitzeko. Hiriko hondakinen kudeaketa eraginkorragoa izan dadin teknologia berriek egin dezaketen ekarpena aztertzen dabil proiektu horretan; proiektuan erabiltzen diren metodologiei eta bilatzen diren konponbideei esker,  herritarren parte-hartzea lortu gura da, gero eta hondakin gutxiago sortzeko eta gero eta gehiago berrerabili eta birziklatzeko.

Ekonomia zirkularraren ereduak ikuspuntuaren aldaketa dakar; besteak beste, lehengaien sorburutzat hartzen ditu hondakinak, bizi-zikloa amaitu ez duten lehengaitzat hartzen ditu, kontsumo-katearen maila guztietan berriro sar daitezkeelako. Lehengai horiek berreskuratzeari ematen zaio garrantzi berezia, horregatik.

Herritarren parte-hartzea erabakigarria da, eta horretarako dauden azpiegiturak ere erabakigarriak dira, herritarren parte-hartze hori bideragarria izan dadin. Bizkaiko Foru Aldundiak azpimarratu duenez, amaitu da Bizkairako «hiri-hondakinak kudeatzeko beharrezko azpiegitura erabilgarriak» emateko jardunbidea.