Zamudio eta Waste4Think, ekodiseinuko adibide, biurteko kongresuan.

Bilboko Basque Ecodesign Meeting kongresuan

`Hiri jasangarriak´ izenburupean egin zen sektoreko topagunean, udalerri honek bera kide duen europar proiektuaren gakoak azaldu ditu; udalerria hondakinen kudeaketaren abangoardian kokatu duen proiektuarenak, alegia.

Zamudiok europar Waste4Think proiektuan egin duen lana `Hiri jasangarri eta konektatu´en adibide izan da oraintsu egin den Basque Ecodesign Meeting topagunean. Teknologiaren bidez hiriko hondakinen kudeaketa eraginkorra egitea eta herritarrek hondakinen ekoizpena murrizten eta berrerabiltzeko eta birziklatzeko tasak areagotzen laguntzea dira lan horren lerro nagusiak.

Biurteko topagunea, aurten, Bilboko Euskalduna jauregian ospatu da, irailaren 19an eta 20an; gaikako saioetako batean, `Hiri jasangarriak´ izan ziren hizpide. Igotz López Zamudioko Alkatea aritu zen bertan, Waste4Think proiektuan parte hartuz Zamudiok hondakinak kudeatzeko lanetan europar abangoardiarantz eginiko aurrerabidea azaltzeko.

Azkeneko hamarkadetan, hirien hazkundea erronka bihurtu da tokiko ekosistema naturaletarako zein globaletarako. 2007tik hona, Nazio Batuen Erakundearen (NBE) datuen arabera, munduan hirietan bizi den populazioa landa-eremuan bizi dena baino gehiago da; eta alde hori areagotzen ari da eten barik. Europako biztanleen %70 baino gehiago hirietan bizi da dagoeneko. Etorkizunerako erronka da, beraz, biztanleen erosotasuna bermatzea eta, aldi berean, ekosistemari egiten dioten eragina minimizatzea.

«Hiri jasangarria»ren kontzeptua horrela sortu da, oreka bila, hiriko ekosistemaren osagai desberdinen eraginkortasunaren eta ingurumenaren artean. Hori izan da Ecodesign Meeting topaguneko eztabaidagaia; ekonomia zirkularrerantz egin beharreko trantsizioaren ondorioz eredu ekonomikoaren aldaketak industriaren alorrean izango dituen inplikazioak aztertu dira aurten.